Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Tknikaren bitartez (LH-rako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroa), koordinatzen du erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloetako ikasleei zuzendutako Ikasenpresa programa.

Zer da Ikasenpresa?

Ikasenpresa programa ikasgeletan eskola-enpresak sortzearen inguruan garatzen den hezkuntza-programa bat da. Proiektu horren helburuen artean dago enpresaren mundua ikasgeletara hurbiltzea eta gaitasun ekintzaileen garapena sustatzea (sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, ekimena, lidergoa, konpromisoa, irmotasuna, negoziazioa, eta abar). Gainera, beste kultura eta gizarte-errealitate batzuetara hurbildu nahi da ikaslea eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatu nahi da.

Ikasenpresa programak hezkuntza-testuinguru berritzailea sortuko du, eta ikaskuntza-metodologia bereziki praktikoa erabiliko du. Programak teknologia berrien erabilera hartuko du aintzat (posta elektronikoa, bideokonferentzia, atzerriko hizkuntzen erabilera, eta abar), gaur egungo informazioaren gizartean ezinbesteko lan-tresnak eta komunikazio-tresnak baitira.

Ikasenpresa Bideoa

Zer egiten da?

Ikasleek enpresa txiki bat muntatuko dute ikasgelan, eta enpresaren jarduera guztiak egingo dituzte (irudi korporatiboa, administrazioa, marketina, salerosketa, eta abar). Produktu errealak izango dira, beraiek egindakoak edo merkaturatutakoak.

Enpresa horiei bazkide bat esleituko zaie, beste eskola-enpresa bat, eta harekin merkataritza-harremanak izango dituzte. Merkatuko azterlanak egingo dituzte, eta produktuen katalogoa trukatuko dute azkenean salerosketa bat egiteko.

Ikasturtearen barruan enpresaburuen bi batzar egingo dira. Bilera horietan enpresa bakoitzeko bi ordezkarik hartuko dute parte. Lehenengo bileran haien enpresa aurkeztuko diete gainerakoei eta bigarren bileran haien enpresaren martxa azalduko diete. Bilera horietako lehen zatian komunikazioari eta salguneei buruzko lantegiak emango dira.

Otsailean azoka bat antolatuko da eta enpresek beren produktuak saldu ahal izango dituzte bertan.